Hezkuntza Sistema Nafarroa: Txostena, 1990/2000

AURKEZPENA.

1990eko irailaren batean, Nafarroako Gobernuak hilabete batzuk lehenago transferituriko zerbitzuak gauzatzearen ardura osoa hartu zuen; zerbitzu horiek, berriz, Foru Hobekuntzari buruzko Legeko 47. artikuluan jasotakoaren arabera zegozkion eskumenak zirela bide transferitu zitzaizkion.

Egun batzuk geroago, 1990eko urriaren 4an, 1/1990 Legea sartu zen indarrean, hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzkoa; horrek egitura berria diseinatu eta antolamendu mailako printzipio, helburu eta oinarrizko curriculum berriak finkatu zituen, Espainiako hezkuntza sistemarako. Legeak 10 urteko epea ezartzen zuen aplikaziorako.

Horren ondorioz, 1990eko irailaren hasieratik eta 2000ra bitarteko 10 urteak garrantzi handikoak dira. Aldi horretan harturiko erabaki politikoak eta administratiboak Nafarroako hezkuntza sistemaren nortasuna zehaztu dute argi eta garbi. Sistema hori ez zen 1990eko irailean sortu eta, gainera, neurri handi batean, lehenagoko egoeren eraginezkoa da; hala eta guztiz ere, bertako eskualde mailako administrazioak lanbide heziketa ia osorik kudeatu zuen eta lankidetza oso aktiboa nahiz koordinatua zeukan MEC deritzonarekin, Probintzia Zuzendaritzaren bidez. Hain zuzen ere, kontuan hartu behar dira 1987tik aurrera urte askotan mantendu diren akordio politikoak, horiek nolabaiteko egonkortasuna eman baitiote sistemari.

Nafarroako Eskola Kontseiluak, sortu zen lehenengo urtetik, urteroko txostenak egin ditu Nafarroako hezkuntza sistemaren egoerari buruz. Urteroko erreferentzia horrek ez du murrizten txosten horien garrantzia, baina sistemaren bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra errazten du. Horrenbestez, txosten deskribatzaile batean, 10 urte oso berezi horietan sisteman egon diren alderdi nagusiak jasotzeko aukera dago.

Eskola Batzordearen Osoko Bilkurak, 2004ko martxoaren bian bertako Batzorde Iraunkorraren proposamenez egindako bilkuran, 2003-04ko laneko planean hezkuntza sistemak honako bi ikasturte hauetan izandako bilakaerari buruzko txostena sartzea erabaki zuen: 1990/1991 ikasturtea (hezkuntza eskumenen lehenengo ikasturtea) eta 2001/2002 ikasturtea (hamar urte geroago, LOGSEren aplikazio prozesuaren amaierako data).

Txostena bederatzi ataletan antolatu da. Lehenengoan, sistemaren hasierako egoera deskribatzen da; bigarrenean, Nafarroak aldi horretan garatu duen antolamendu berezia jasotzen da; hirugarrenean, sistemaren barruko administrazio zerbitzu orokorrak deskribatzen dira (Saila, Eskola Batzordea, Ikuskapena eta Orientazioa); laugarrenean, LOGSEn adierazitako hezkuntza etapa eta maila bakoitzaren egitura eta irakaskuntzak adierazten dira; bosgarrenean, ikastetxeen antolamendua eta horiek osaturiko sarea aztertzen dira; seigarrenean, irakasleen arazoak jorratzen dira, eta zazpigarrenean, azkenik, hezkuntza jardueraren hartzailea aztertzen da, hau da, ikaslea. Txostena osatzeko, Nafarroak hezkuntza jarduerara urtero bideraturiko aurrekontu orokorren bilakaeraren azterketa egiten da, eta Nafarroako parlamentuak hezkuntzaren arloan egindako jarduera legegilea eta kontrolekoa ere aipatzen da.

Txostenaren irakurketak, bestalde, Nafarroako hezkuntza sistemaren ikuspegi orokorra ahalbidetzen du, eta horiek egoeraren araberako ikuspegiak gainditzen ditu. Horren ikerketak eta azterketak, behar izanez gero, zuzendu eta, zalantzarik gabe, orientatu egin dezakete sistemari buruz egon daitekeen hautematea, une edo gertaera jakinari buruzko ezagupen mugatuaren eraginez egon daitekeen hautematea.

Txostenean ez dira sistemaren barruko alderdi guztiak jaso, irakurlearen arreta erakar dezaketen alderdi guztiak, baina seguru dakit, bertan oinarrituz, nahi duenak ikerketa egokia hasi ahal izango duela, erosotasun handiz gainera.

Txosten hau, hezkuntza komunitateak ez ezik, Nafarroako eskola sistemarekiko interesa duten guztiek ere erabili ahal izango dute; horixe da nire asmoa behintzat.

Iruñea, 2004ko ekainaren 18a.
Eskola Batzordeko presidentea
Javier Marcotegui Ros

Nafarroako Hezkuntza Sistemaren txostena, 1990-2000
Nafarroako Hezkuntza Sistemaren txostena, 1990-2000
1. Eranskina
2. Eranskina
3. Eranskina
4. Eranskina
5. Eranskina
6. Eranskina
7. Eranskina
8. Eranskina
9. Eranskina
10. Eranskina
11. Eranskina
12. Eranskina
13. Eranskina
14. Eranskina


Gobierno de Navarra | Departamento de Educación y Cultura
Nafarroako Gobernua | Hezkuntza eta Kultura Departamentua